XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AEKren adierazpena

BILBO

Euskal herriko hiritar, elkarte, alderdi eta instituzioei zuzenduriko adierazpen hau kaleratzen du AEKk.

1. - Euskarak guztion ahaleginak behar ditu.

Elkarlana gauzagarria da.

Gure hizkuntzak bizi duen egoerak ezin du denbora luzeagoz indar banaketa eta alperrikako norgehiagokarik jasan.

Herri iniziatiba eta instituzioen zereginak uztartuz elkarlanerako aukerak badira.

Korrika 7 horren erakusle izan da.

Integrazio hori posible bilakatuko duen hizkuntz politika indarrean jarri.

Horra hor bidea.

2. - Helduen euskalduntze alfabetatzeak oinarri berriak behar ditu.

Guztiz kezkagarria deritzogu helduen euskalduntze alfabetatzeak HEA bizi duen egoerari: sakabanaketa nagusi, ikasteko motibazioaren ahulezia, matrikula kopuruen beherakada, ikasteko eskubidea gauzatzeko ezintasuna, emaitza didaktikoen maila apala,...

Barneko arrazoiez gain kanpoko eragileen ondorioa dugun gehien bat ezintasun hori.

Leioan 90ko udaberrian euskaltegi mota guztietako ordezkariz eginiko HEAren I Ihardunaldien adierazpenak zioenaren arabera:

- indarrean jarritako legeriaren desegokitasuna eta askotan bere aplikazio kaltegarria.

- HEAk eskatzen dituen bitartekoak ezarri ez izana.

- HEA mugimenduarekiko elkarlanerako aukerarik ez eskaintzea.

Guzti hau kontutan harturik begibistakoa da elkarrizketan oinarritutako irtenbide orokorra bilatu behar dela, HEAn diharduten guztiekin kontatuz, iniziatiba herritarra eta instituzionala uztartzeko gai izango den dinamika martxan jartzeko.

Helburua: izaera eta bokazio publikoa duten errealitate guztien konfluentziaz osatuko den HEArako erakunde publiko berria.

Bide horretan badago berehala eman beharreko pausurik.

3. - AEKk luzaturiko proposamena.

Administrazioei dagokie erantzutea.

- Orain arteko lanaren errekonozimendua, guztion lanaren errekonozimendua eta beraz AEKrena ere bai.

- Euskara ikasteko eskubidea guztiontzat bermatua izan behar dela, diskriminaziorik gabe, dohaintasuneranzko bidean.

- Irakasle izateko arauturiko ikasbide aproposik ez dela egon, egun ere ez dagoela ikusirik, plan eta bitarteko berriak eta orain arteko irakasleentzako onarpen aukeraren beharra.

- Inbertsio ekonomikoak Euskal Herri osoko populazio guztiarengana ailegatzeko erizpidearen arabera zehaztea.

Bidea ezaugarri hauetan finkatu beharra dago.

Ikasturte honen hasieratik AEKk harturiko elkarrizketarako iniziatiba testuinguru honetan kokatu beharra dago, eta ikasturtean zehar gauzaturiko harremanak, ekitaldiak eta Korrika bera egoera desblokeatu eta aurrerabide izango den elkarrizketa prozesu bat zabaltzeko deia izan dira.

Administrazioen erantzunkizuna da, dudarik gabe, aukera honi behar bezalako bidea eskeintzea.

EUSKAL AUTONOMI ELKARTEA

Duela 6 hilabete luzaturiko proposamena erantzunik gabe dago.

Guztiz bestelakoa izan da AEKk luzaturiko proposamen horrek gizartean izaniko erantzuna (Euskaltzaindia, Ikastolen Elkartea, HEAn diharduten taldeak, Unibertsitateko irakasleak...).

Eta alderdi politiko desberdinena.

Guztien aldetik adostasun maila berri batetara ailegatzeko beharra jaso bait dugu.

Kultur Sailburuaren alderdiak berak, elkarrizketaren beharra onartuz, duela 3 urtetako EAJ-AEK akordioan oinarrituriko prozesu bat zabaltzea proposatzen zuen.

AEK elkarrizketa bidea jorratzeko prest dago aurrerabideak bilatu asmoz.

Prozesua oztopatuko duen arau berririk ez da indarrean jarriko honako puntu hauei buruz akordioak bilatzeko: euskaltegien ezaugarriak, tipologia, kokapena eta dirulaguntzak; irakasleen homologazio-moduak eta irakasle berriak prestatzeko bideak eta finantziabideak; eskualde berezietarako hitzarmen bereziak; behin betiko egoerara ailegatu bitartean laguntza bereziak.

NAFARROA

Aurkeztu berri den batasun plataforman HEAk behar dituen dirulaguntzak eta irakaslegoaren prestakuntza plana adostasunez zehaztea eskatzen ditu Nafarroako euskaltzalegoak.

Bi puntuok oinarritzat harturik dekretu berri bat behar da, Administrazioa eta HEAn dihardugun guztion lankidetzan oinarritu eta Nafarroan euskarak bizi duen egoerari egokiturik.

IPARRALDEA

SIADECOren inkestak AEKri sostengu legala edo instituzioen babesa berehala eskeintzea derrigorrezkotzat jo zuen.

Premiazkoak dira guztiz, bada, HEAk eskatzen dituen eskualdekako plangintzak burutzeko moduko dirulaguntzak, irakaslegoaren dedikazioa eta prestakuntzarako bideak, eskeintza ugaldu eta ikaste prozesua azkartzeko aukerak...

Guzti hau erabakiorra izango da oso epe laburrean euskararen etorkizunerako.

AEKk aurrerapausu hauek bideratzeko elkarrizketarako eta elkarlanerako borondate finkoa azaltzen du, bai administrazioekiko bai HEAn lanean dihardutenekiko.

Inork ezin dezake bere indar soilen araberako irtenbide egokirik eskaini.

HEAK behar duen eraberritzea ezin premiazkoagoa delakoan.

Gizarte osoari eta bereziki Administrazioaren erantzunkizuna duten eta izango duten alderdiei luzatzen diegu guzti honi buruzko hausnarketa egin eta behar besteko ausardiaz konponbideak irekiko dituen bideari ekiteko.